Sector Bilbao La Salle ARLEP

Andoain – Berriak

DISEINUKO LA SALLE BERROZPEKO IKASLEEK NAZIOARTEKO DISEINU-LEHIAKETA IRABAZI DUTE

Andoaingo La Salle Berrozpeko Lanbide Heziketako ikasleek bi ikasle holandarrekin batera irabazi dute Dordrecht-en egindako nazioarteko diseinu-lehiaketa

La Salle Berrozpeko Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloko lanbide-heziketako lau ikaslek eta Holandako Da Vinci College ikastetxeko bi ikaslek osatutako taldearen nazioarteko proiektuak irabazi du HETELek (Gizarte Ekimeneko LHko Ikastetxeen Elkarteak) antolatu eta aste honetan Dordrechten (Holandan) egin den «Nazioarteko diseinuko» lehiaketa. Proiektua urtarrilaren 14an jarri zen abian eta talde mistoetako ikasleak sarean aritu dira harrezkero, erronkari aurre egiteko asmoz. Aurtengo erronka hauxe izan da: 3D inprimagailuetan erabiltzeko harizpia egiteko makina fabrikatzea, plastiko birziklatua erabiliz. Holandako irakasleek eta enpresetako ordezkariek osatutako epaimahaiaren aurrean ebatzi da nazioarteko erronka.

Erronkan Euskadiko eta Holandako ikastetxeetako lau talde mistok hartu dute parte eta helburua, berriz, lanbide-heziketako ikasleek nazioarteko harremanak lotzea eta gizarte-arazo baterako irtenbidea bilatzea izan da. Horri esker, erronka gainditzeko elkarlanean ikasteaz gain, ikasleek funtsezko beste trebezia eta konpetentzia batzuk ere barneratzen dituzte, hala nola ingelesaren ezagutza, kultura anitzeko taldeetan lan egitea, independentzia edota autogestioa. 

ZORIONAK ekipo!!

 E-MOTIVE

Proiektuak e-MOTIVE metodologia erabili du. Metodologia horren bidez, HETELek frogatu nahi du nazioartekotzeak ez dakarrela halabeharrez mugikortasun fisikoa, eta posible dela ikastetxetik bertatik nazioarteko testuinguruan lan egitea. Izan ere, enpresa gehienek halaxe egiten dute lan gaur egun: kokalekuak ez du baldintzatzen nazioartekotzeko ahalmena. Komunikazio-teknologiek alor horretan hartzen dute, hain zuzen, berebiziko garrantzia.


SPAINSKILLS 2019: BRONTZE-DOMINA

Andoaingo La Salle Berrozpe, Spainskills lehiaketara joango da, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuaren Euskoskills irabazi ondoren La Salle Berrozpeko ikasle bat, Unai A., eta bere irakaslea, Xabier Puertas, Madrilen daude, Estatuko Skills lehiaketan (Spainskills) parte hartzen. Lehiaketaren emaitzak datorren larunbatean, hilak 30, ezagutaraziko dira. Euskadin izandako Euskoskills lehiaketan urrezko domina lortu zuen La Salle Berrozpek, CAD Fabrikazio Mekanikoko Diseinuaren kategorian. Horrek eskubidea eman dio egunotan egiten ari den Spainskills lehiaketan parte hartzeko, autonomia-erkidego guztietako taldeekin lehian. Modalitate bakoitzeko —26 dira guztira— irabazlea Errusian egingo den munduko lehiaketara (Worldskills) joango da aurtengo abuztuan, baita Europako lehiaketara ere (Euroskills), 2020an.

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Lanbide Heziketako ikasleen artean antolatutako txapelketa da Euskoskills. Euskadin eta Espainian, Lanbide Heziketako ikasleen arteko lehiaketa da Skills izenekoa. Lehiaketak ikasleen lanbide-trebeziak neurtzen ditu.

Lehiaketaren aurreko edizioan, Iker B., Fabrikazio Mekanikoko Diseinuaren zikloko ikaslea, eta Xabier Puertas irakaslea lehiatu ziren WorldSkills lehiaketan, Abu Dhabin, CAD Diseinu mekanikoaren kategorian, modalitate horretako Euskadiko eta Espainiako txapeldunak izan ondoren.

Brontze-domina irabazi du Unai Alkortak Lanbide Heziketako Spainskills olinpiadetan.

Zorionak!!!