Sector Bilbao La Salle ARLEP

Maite Pardina La Salle ikastetxeko zuzendaritzan estreinatu da

DIARIO VASCO-tik berria

Zarauzko La Sallek zuzendari berria du ikasturte honetan. Zazpi urtez lan horretan jardun den Aran Lertxundi Manterolaren eskutik jaso du lekukoa Maite Pardina Larrartek. Urte hauek guztiak elkarrekin eman dituzte, eta dagoeneko biek ederki asko ezagutzen dituzte ikastetxearen nondik norako guztiak, bai desira eta baita erronkak ere

Aranek 7 ikasturte egin ditu Ikastetxeko zuzendari gisa. Dena den, dioen bezala, «aurretik ere zuzendaritzako kide izana nintzen, Manoloren garaietan hasi eta Joseanen zenbait urtetan koordinazio lanak burutuz… Ardurak hartzeko beldurrik ez izatea da gakoa nik uste… Beti ezin asmatuko duzu, baina, halere, ingurukoek zure onena ematen saiatzen zarela badakite, gauzak ez dira zailegi suertatzen. Talde polita izan dut beti alboan, eta horrek gauzak errazten dituela aitortu behar dut. Inoiz ez naiz zeregin hauetan bakarrik sentitu, eta zama ikaragarri arintzen du horrek».

Maite berriz, orientazio mundutik dator eta erronka berrirako prest agertzen da. «Lehendik ere ikastetxeko orientatzaile gisa, zuzendaritzako partaide banaiz. Eguneroko lanak ez dit izurik sortzen, eta ardura berria izan arren, lana antzekoa izango delakoan nago, nahiz eta, egia, zenbait erabaki hartu behar izateak beldur pixka bat ematen didala aitortu behar. Gaur arte, nire egunerokoan aniztasunari erantzuten saiatu naiz, ikasleari eta bere beharrei laguntza eskaintzen, behar denean baita ikastetxez kanpoko zerbitzuekin elkarlanean ere (Gizarte zerbitzuak, Osakidetza, beste ikastetxeak… uste baino luzeago joko luke zerrendak). Beste alor batzuk ere ezagutzea egokituko zaidalakoan nago».

(Informazio gehiago)